XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) geure zentzuak eurak ere ezbaian jarri dituena, eta bizitza arrunteko printzipioak ere zalantza horren mende dautza, metafisika eta teologiazko printzipio edo konklusio sakonenak dauden bezalaxe.

Doktrina paradoxiko hauek doktrinak deitu ahal bazaie filosofo batzuengan aurki daitezkeelarik eta beste zenbaitengan errefusapena, gure jakingura pizten dute, normala denez, eta oinarritzat dituzten argumentuak ikertzera bultzatzen.

Ez dut ihardun beharrik eszeptikoek garaiz-garai zentzu ebidentziaren aurka erabilitako ohizko topikoez, gure organoen sarriaskotako inperfekzioan eta engainagarritasunean oinarritutakoak adibidez, arraun baten irudi hautsia uretan, objektuen itxura anitza distantzia ezberdinen arabera, begi bat hertsiz ateratzen diren irudi bikoitzak, eta mota honetako beste antzirudi asko.

Eszeptikoen topiko hauek egiatan frogatzen duten gauza bakarra zera da, zentzu soilak bere hartan ez ditugula nahikoa haien esanera jar gaitezen, baizik zuzendu egin behar dugula beraien ebidentzia arrazoiaren bidez eta inguruaren izaeratik, objektuarekiko distantziatik eta organoaren ezarreratik datozkeen gogoeten bidez, egiaren eta faltsutasunaren benetako kriterioak itzultzeko haiei, euren esfera-barnean.

Badira zentzuen kontrako beste argumentu sakonagorik ere, hain soluzio errazik ametitzen ez dutenak.

118. Bistakoa dirudi berezko instintu edo aurretiko jarreraren batek eramaten dituela gizakumeak beren zentzuez fido izatera, eta batere arrazoirik gabe, eta ia ezaguerara heldu aurretik ere, ematen dugula suposatutzat beti kanpoko unibertso bat, gure hautematearen mende ez dagoena, baizik hortxe existituko litzatekeena gu geu eta beste ezein kreatura sentigarri ez egon arren edo suntsituak izan arren.

Uste honen arabera gidatzen dira animaliak ere, beren burutapen, asmo eta egintza guztietan mantentzen dutelarik kanpoko objektuekiko sinespide hau.